
- Arabako tarterako tarifak % 70 merkeagoak izango dira ibilgailu arinentzat, eta % 50 merkeagoak ibilgailu astunentzat
- Ezarpena progresiboa izango da, eta, hasiera batean, tarte batzuetan bakarrik ezarriko da, iparralderanzko noranzkoan
- Arabako Foru Aldundiak hobaria emango die Bizkaiko tartean hilean 15 bidaia edo gehiago egiten dituzten arabarrei
- Zambranako ordainleku eremua eta ibilgailuak identifikatzeko kamerak dira azpiegituraren berritasun nagusiak
Arabako Foru Aldundiak joan den azaroaren 11n jarri zuen abian erabileraren araberako ordainketa sistema berria AP-68 autobidearen Arabako tartean. Horrela, amaiera eman zaio azpiegitura horren emakida bidezko 46 urteko kudeaketa pribatuari. Sistemaren ezarpena progresiboa izango da eta tarifak indarrean daudenak baino askoz txikiagoak izango dira: % 70 merkeagoa ibilgailu arintzat eta % 50 merkeagoa ibilgailu astunentzat.
AP-68 autobidea ustiatzeko emakida kontratua azaroaren 11n, asteazkena, 00:00etan amaitu zitzaion enpresa emakidadun pribatuari, eta, ordutik aurrera, Arabako Foru Aldundiak hartu zuen bere gain autobidearen Arabako zatiaren kudeaketa integrala, ARABAT foru sozietatearen bidez: 55,2 kilometro, 22,4 eta 77,6 kilometro puntuetan dauden Bizkaiarekiko eta Burgosekiko muga artean.
AP-68 autobidearen kudeaketa publikoak berrikuntza handiak ekarri ditu. Hasteko, Arabako bide zatia erabiltzeagatiko tarifa berriak ezarriko dira, eta ibilgailu arinentzat % 70 merkeagoak izango dira eta % 50 merkeagoak ibilgailu astunentzat. Zehazki, tarifei buruzko dekretuak 6 zentimoko prezioa ezartzen du ibilgailu arinentzat kilometro bakoitzeko, eta 18 eta 20 zentimokoa kilometro bakoitzeko I. eta II. motako ibilgailu astunentzat, hurrenez hurren.
Lehen, ibilgailu arinen, I. motako ibilgailu astunen eta II. motako ibilgailu astunen kilometroko batez besteko prezioa 22, 41 eta 46 zentimo zen, hurrenez hurren.
Horrela, bada, azaroaren 11tik aurrera, turismo batek 3,35 euro ordaintzen ditu Arabako zatiaren 55 kilometroak egiteagatik, eta, lehen, berriz, 11,2 euro. Vitoria-Gasteiz eta Bilbo arteko ibilbidearen Arabako zatiaren prezioa 3,52 eurokoa izatetik 90 zentimokoa izatera pasatu da. Ibilgailu astunei dagokienez, Arabako zatia erabiltzeagatik I. motako ibilgailu astunek 9,90 euro ordaintzen dute orain, azaroaren 11ra arte ordaintzen zituzten 20 euroen ordez; eta II. motako ibilgailu astunek, berriz, 11,45 euro, lehengo 23 euroen ordez.
Ezarpen progresiboa
Sistema berria pixkanaka ezarriko da. Lehenik, abian jartzeko eta baliozkotzeko fasea egingo da, eta horren mugarri nagusia izango da Zambranako bidesarigune berria martxan jartzea, Burgos/Errioxa noranzkoan. Lehenengo fase honen helburua da sistema prestatzea eta sistemarekin lotutako teknologia eta software garapen guztiak amaitzea. Fase horrek zenbait aste iraungo ditu eta, aurreikuspenen arabera, abenduaren 15ean amaituko da.
Lehenengo fasean, hegoalderanzko ( Burgos/Errioxa) Arabako zati osoko 55,2 kilometroetan egiten diren joan-etorri guztiak tarifatzen dira; iparralderantz, berriz, Altube-Bizkaiko muga eta Arabako barne ibilbideak soilik tarifatzen dira behin-behinean.
Horrela, Bizkaitik edo Arabatik hegoalderantz joaten diren ibilgailuek tarifa osoa ordaindu behar dute; Zaragozatik/Errioxatik Aretaraino joaten diren ibilgailuek, ordea, Altube-Bizkaiko mugara arteko tartea bakarrik ordaindu behar dute behin-behinean. Aitzitik, Arabako barne ibilbide guztietan daude indarrean tarifak; hau da, Zambranako, Subillako, Ribabellosako eta Altubeko ordainlekuetan sartzen edo horietatik irteten diren ibilgailu guztiek ordaindu beharko dute.
Tarifa berriez gain, erabiltzaileek beste berrikuntza batzuk nabarituko dituzte autobidearen azpiegitura fisikoan. Haien artean nabarmenena ordainleku eremu berria da, Zambrana parean, Errioxa eta Zaragozarako noranzkoan. Zambranako ordainleku eremu berriari esker, AP-68tik bertan irteten diren ibilgailuek errazago egin ahal izango dute erabileraren araberako ordainketa. Eremu horretan hiru bide daude, eta ordainketa eskudirutan, kreditu/zordunketa txartelaren edo VIA-T gailu elektronikoaren bidez egin daiteke.
Kopuru hori pixkanaka handituz joango da datozen hilabeteetan, guztira zortzi bide izan arte.
Horrez gain, azaroaren 11tik, kamera adimendunak martxan daude autobidearen Arabako tarteko sarrera puntu guztietan, bidera sartzen diren ibilgailuen matrikulak detektatzeko eta identifikatzeko. Kamera horiek ibilgailu bakoitzaren ibilbidea eta aplikatu beharreko tarifa zein den jakitea ahalbidetzen dute, eta, hala, erabiltzaileek ez dute autobidean sartzean ticketa jaso beharko, orain arte egin behar zuten moduan. Sistema berria erosoagoa izango da erabiltzaileentzat eta trafikoa arinduko du.
Hobarien programa
Azken berritasun garrantzitsua autobidea lanagatik, ikasketengatik edo bestelako arrazoiengatik maiz erabiltzen duten arabarrentzako hobari programa eguneratzea izan da. Programa horrek, azaroaren 11tik aurrera, AP-68 autobideko Bizkaiko zatian soilik ezarri du hobaria, tarte horren tarifa murrizketa txikiagoa konpentsatzeko (autobideko Arabako tartean tarifa % 70 merkeagoa izango da turismoentzat; Bizkaiko tartean, berriz, % 20koa).
Hobarien programa eguneratzearen helburua da Bizkaiko tarteko benetako tarifa ere gaur egungoa baino % 70 merkeagoa izatea ohiko erabiltzaileentzat. Horretarako, programak Bizkaiko tarteko tarifa arruntaren gaineko hobaria emango die bidea erabili ohi duten arabarrei. Hobari hori Aiaraldean bizi direnentzat da onuragarria batez ere, Bilborekin duten lan, ekonomia eta gizarte harreman bereziagatik.
Ez da aldaketarik izango programaren onuradun izateko baldintzetan:
- Hilean gutxienez 15 bidaia egitea.
- Identifikatzeko eta ordaintzeko gailu telematiko bat (VIA-T edo antzekoa) izatea. Gehienez bi matrikulekin lotu daiteke.
- Eta gainerako ohiko baldintzak: Araban bizitzea, zerga betebeharrak egunean izatea, autoen gida baimena eguneratua izatea eta programan behar bezala erregistratuta egotea.
Hobari programaren onuradun izan nahi duten pertsonek, programan izena emanda badaude, ez dute ezer egin behar; izan ere, dirulaguntzak eskuratzen jarraituko dute Bizkaiko tartea lehen adierazitako baldintzetan erabiltzen dutenean. Lehenengo aldiz erregistratu nahi duten arabarrek erraz egin dezakete urteko 365 egunetan eguneko 24 orduetan hemen web atariaren bidez, edo aurrez aurre, Arabaten bulegoetan.